XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

8.1. SARRERA

4., 5., 6. eta 7. kapituluetan, altzairuei aplikatzen zaizkien tratamendu termikoak eta lortzen diren mikroegiturak aztertu dira, kasu bakoitzari zegozkion propietate mekanikoak kontutan hartuz.

Ondoren, kapitulu honetan altzairu baten propietate mekanikoen konbinazio egokiena lortzeko erabiltzen diren mekanismoak (ez tratamendu termikoak bakarrik) aztertuko dira.

Horri ekin baino lehen, azken urteotan eraikuntza-altzairuen eboluzioa zein izan den kontsideratuko da.

Azken urteotan, egituretan erabili ahal izateko, erresistentzia handiko altzairu mikroaleatuen hedapenean aurrerapen handia izan da.

Altzairuaren mikroegitura eta propietate mekanikoen artean aurkitu diren erlazioei esker garatu dira hobekuntza horiek.

Eraikuntza-altzairuen artean, egitura ferritiko/perlitikoa dutenak dira garrantzitsuenak eta, ondorioz, horiek dira gehien ikertu direnak.

Altzairu hauen historia kontsideratzen baldin bada, denboran zehar diseinu-irizpideak nola aldatu diren ikus daitezke.

Hasieran, diseinuaren ikuspuntutik parametro garrantzitsuena trakzio-erresistentzia zen, elastikotasun-muga, zailtasuna eta soldagarritasuna garrantzirik gabeko aldagaiak izanik.

Garai hartan, zati desberdinak lotzeko errematxeak erabiltzen ziren.

Beraz, altzairuen karbono-edukinak handiak izaten ziren; % 0,3 ingurukoak.

1907. urtean itsasuntzietarako xaflen edukinak hauexek ziren: % 0,27 C, % 1,2 Si eta % 0,7 Mn [8.1].

1932. urtean zubi baten eraikuntzan erabilitako altzairuak honako konposizio kimikoa zeukan: % 0,30 C, % 0,15 Si eta % 1,2 Mn [8.1].

Garai hartan Mn-edukina handiagotu eta Si-arena txikiagotu egin ziren gaur egun erabiltzen diren mailetaraino, baina artean karbono-portzentaia oso altu mantentzen zen.

Altzairu-mota hauen trakzio-erresistentzia handiagotzeko prozedura merkeena karbonoa erabiltzea zen.

1934. urtean Britainiar Arauetan artean % 0,27ko karbono-edukina aipatzen zen, manganeso-kopurua % 1,5eraino onartuz (askoz geroago, 1968. urtean, F. Rodriguez Avial-en Construcciones Metálicas liburuan (6.argitalpenean) aipatutako karbono- eta manganeso-edukin maximoak % 0,25 eta % 0,60 ziren).

Errematxaketaren ordez soldadura iritsi zenean altzairuaren karbono-edukina jaisteko beharra azaldu zen.

Pieza soldatuetan haustura hauskorra azaltzen hasi zenean [8.2], hauskor/harikor trantsizio-tenperatura lan-tenperaturaz behetik jaitsi beharra ikusi zen.

Garai hartan diseinu-irizpide gisa elastikotasun-muga ere kontsideratzen hasi ziren (...)